Nadia deitzen naiz, eta badakit zergatik jarri zidaten izen hori, baina orain ez dizuet kontatuko, kontu luzeegia delako, eta, gainera, urrunekoa. Ni ere urrunekoa naiz, baina luzeegia ez : metro bat eta hogei zentimetro ditut, baina umezainak esaten dit hazi egingo naizela. Gaur metroan noa. Metroak izen gezurtia dauka, metro bat baino askoz luzeagoa delako. Eta metroan noa, ni bakarrik.
Zer egiten dut metroan, bakar-bakarrik? Bada, hori ez dakit. Kontua da metroan nagoela. Txartela atera dut, zirrikituan sartu dut, atea zabaldu zait, eskailerak jaitsi ditut, eta metroan sartu naiz. Askotan ibiltzen naiz metroan, baina gaur da bakarrik nabilen lehen aldia. Beste guztietan Giseldarekin ibiltzen naiz, eta ondo dago, baina bakarrik joatea itzela da. Jendea begira geratu zait hasieran, eta andre batek galdetu dit:
- Nora zoaz, polit hori? Eta nik imajinatu dut andre hori Txanogorritxoren ipuineko otsoa zela, Giseldak beti esaten didalako imajinazio handia dudala. Eta orduan, andrea otsoa zelakoan, kantuz erantzun diot:- Amonaren etxera noa, amonatxo ikustera. Eta andreak esan du:- Lotsagabea! -eta burua beste alderantz jiratu du.Ez. Ni ez naiz lotsagabea. Ni Nadia naiz, Errumaniakoa. Eta egunen batean munduko txapelduna izango naiz gimnastika erritmikoan. Gero, gauza polita gertatu da: metroa geratu egin da, eta ez atzera ez aurrera geratu gara, eta jendea zarataka hasi da, ze gainera, bagoia ilunpean geratu da. Eta zoragarria izan da ikustea jendea zelan jarri den zoroen pare, oihuka. "ikustea" esan dut, baina "entzutea" esan beharko nuke, ze han ez zen ezertxo ere ikusten. Eta iluntasun hura aprobetxatuz, otso andreari atximurka egin diot, eta deiadarka hasi da, esanez bagoiko mutilen bat aprobetxatu egin dela bere izterrekin, eta poliziari deituko diola.
3
METRO BATEKO LETRAK III
Oihuen ostean, jendea urduritzen hasi da, eta orduan ez dute oihu egin, baina artega mugitzen hasi dira iluntasunean, batak besteari zer gertatu den galdetuz.- Argia joan da- esan dio gizon batek alboan zuen mutilari, eta mutil horrek albokoari pasatu dio informazioa:- Elektrizitatea amaitu da. Eta alboko horrek bere albokoari: - Munduan ez dago elektrizitaterik. Eta albokoak albokoari: - Mundua ilunpean geratu da. - Meteorito batek lurra jo du. - Mundua meteorito bat da. - Estralurtarrak etorri dira mundura. - Metroko makinista estralurtarra da. Eta honela segitu du kateak, harago eta harago. Eta hori dena ilunpean, pentsa. Metroa ilunpean eta jendea txorakeriak esaten: "jazza ez da mahaspasa", "tronpetek katarroa ematen dute", "elefanteek makilatu egiten dira"... Eta horrela etengabe. Bazirudien, derrepente, jendeari pasa egin zaiola lehenengo urduritasuna, eta orain jolasean ari zirela, ea nork esaten zuen mozolokeriarik handiena. Julen Gabiria Metro bateko letrak ELKAR (Egokitua)
|